XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRI AGINTE ETA ERAKUNDEEKIKOAK

Euskaltzaindiak harreman ugari izan du Herri Aginte eta erakundeekin.

Horien artean aipatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernu eta Parlamentutik eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Diputazioetatik jasotako irizpen-eskabideei eman zaizkien erantzunak.

Estatuko erakunde zenbaitekin ere izan dira harremanak eta zerbitzuak eman zaizkie, hala nola Kultura Ministeritza, Hezkuntza Ministeritza eta Administrazio Zentralak Gasteizen duen Ordezkaritzari.

Iparraldeko udalekin, Centre National de la Recherche Scientifique delako erakundearekin, Frantziako Gobernuarekin, Akitaniako Herrialde Kontseilu eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekin ere izan dira harremanak.

Bruselako Europarako Batzordearekin berariazko harremanak izan dira, Euskaltzaindiaren bi egitasmo nagusiak (Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa) aurkeztu baitzaizkio, diru-babesa eskatzeko.

Euskaltzaindiak harreman ugari izan du orobat udalekin, batez ere Onomastika alorreko gaiak direla eta, herri izen, auzo izen, kale izen eta antzeko gaiei buruzko eskabideei erantzuteko.

Euskaltzaindiak kasu horietan eskatu zaion aholkua edo irizpena eman du.

Udalek eta Euskaltzaindiak Onomastika alorreko argitalpenak elkarrekin kaleratzeko duten ohiturari jarraituz, aurten udal hauekin izan du elkarlana Euskaltzaindiak: Eibarko Udalarekin, bertako toponimiari buruzko liburua kaleratu baita; Arrasateko Udalarekin, bertako herri-toponimiaren liburua Euskaltzaindiak gainbegiratu eta aztertu ondoren, argitaratzeko prest utziaz; eta, azkenik, Basauriko Udalarekin, bertako toponimiari buruzko lana jaso baitu Euskaltzaindiak azter dezan.

Euskal Herriko Unibertsitateekin ere harreman ugari izan du Euskaltzaindiak, batez ere Euskal Herriko Unibertsitatearekin, honekin hitzarmena sinatua baitu Euskaltzaindiak.

Hitzarmen horren bidez ekintza hauek babestu ditu Euskal Herriko Unibertsitateak: Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae 1545-1995.

Lehen euskal liburu inprimatua, beste babesle batzuekin batera; erromintxelaren ijito euskaldunen euskararen ikerketa eta jasoketa-lanerako bi beka; Onomasticon Vasconiae, 14. liburukiaren argitalpena (M. Angeles Libanoren 1. liburuaren kaleratzea eta 2.aren prestaketa); René Lafonen lan hautatuen prestaketa-lanerako eta Xabier Alberdiren tesiaren argitalpena prestatzeko laguntza.

Harreman hauetako batzuen ondoren Euskaltzaindiak diru-babesa edo bestelako laguntza jasotzen badu ere, dohainik egin ditu azken urteotan kasuan kasuko erakundeak eskatutako ikerketak eta aholku eta irizpen emateak.